Picaud, Aimeric
Aimeric Picaud (Parthenay-le-Vieux, Deux-Sčvres) XII. mendean bizi izan zen Elizgizon eta erromes frantsesa. Orduko kristau-santutegi nagusiak bisitatzen ibili zen. Santiagora ere erromesaldia egin zuen eta erromesentzako gidaliburua paratu zuen: Liber Sancti Jacobi edo "Kodize Kalistotarra". Santiagoren bizitzari buruzko kondairak, liturgiako testuak eta 1132-1140 inguruan egindako bidaian ikusitakoen berri eman zuen. Obra osoaren egilea ez bada ere, berea du V. Liburua, "Erromesaren Gida" jasotzen duena: dokumentu garrantzizkoa, ikuspegi historiko-antropologikotik. Donibane-Garazitik Lizarrara eta Logroņora zeharkatu zuen Euskal Herria, Iruņetik igaroz. Euskaldunen izaera, janzkera eta ohituren berri eman zuen. Ez zen nonbait ondo konpondu Euskal Herrian: euskaldun guztiak iraindu zituen, jende basati, anker eta lapurtzat jo zituen, eta haien hizkuntza barbarotzat hartu. Euskarazko hitz batzuen zerrenda eman zuen bakoitzaren esanahia adieraziz. Hona hemen Gidor Bilbaoren itzulpena baliatuz egindako moldaketa.
[ ]
Liber
Sancti lacobi V, 7:
Donejakue bidean diren lurraldeen izenei eta herrien ezaugarriei buruzkoa
Donejakue
bidean,
Tolosako ibilbidetik hain zuzen ere, Gaskoniako lurraldea aurkitzen da
lehenen, Garona ibaia zeharkatu ondoren; gero, Somporteko mendatea zeharkatu
ondoren, Aragoiko lurraldea eta, ondoren nafarrena, Argako Zubiraino [
Gares herriari buruz ari da ] eta are
harantzago.
Garaziko
Mendietako ibilbidetik ordea, Tourseko lurraldearen ondoren, poitoutarren [
Poitiers ]
lurraldea dator, aberats eta emankorra, ondasun oroz betea. Poitoutarrak
gizon adoretsu eta gerrarako iaioak dira, oso trebeak gerran arkua, geziak eta
lantzekin, gudazelaian bipilak, lasterketetan oso bizkorrak, janzkeraz dotoreak,
begitarte arraikoak, hitz egitean zuhurrak, sariak ematen eskuzabalak, ostatua
eskaintzeko ateak zabalik dituztenak.
Gero
Sainteseko lurraldea dago; gero, Garona ibaiaren itsasadarra igaro ondoren,
Bordeleko lurraldea, ardo bikain eta arrain ugarikoa, baina larre-hizkuntza
duena. Larre-gizonak bide dira Saintesekoak euren hizkuntzarengatik, baina
Bordelekoak are larrekoagoak.
Gero Bordeleko Landak datoz, hiru egun nekagarriko bidea, Ondasun orotan urria da lur hau, ogirik, ardorik, haragirik, arrainik, urik eta iturririk gabea, herri gutxi dituena, laua, hareatsua, ugaria ordea ezti, artatxiki, artaxehe eta txerritan. Menturaz udan zeharkatzen baduzu lur hau, babestu zure aurpegia herriak guespe 'erlabio' edo tauones 'ezpara' deitu ohi dituen euli izugarrietatik, ugari baino ugariago baitira han. Eta kontu handiz begiratzen ez baduzu non zapaltzen duzun, laster sartuko zara belaunetaraino han ugari den itsas harean.
Lurralde
hau igaro ondoren, Gaskoniako lurra dator, ogi zuri eta ardo beltz bikain
ugarikoa, baso eta zelaiez eta ur oneko iturriak dituzten ibaiez ondo hornitua.
Gaskoiak hitzontzi, berritsu, isekari, lizun, mozkorti, jatun, txarto jantziak
eta bitxi gabekoak dira, gerrara ohituak ordea, baina behartsuekin abegitsuak
oso. Mahairik gabe jan ohi dute suaren inguruan eserita, eta edalontzi
bakarretik edan ohi dute guztiek. Jan eta edan, oparo egiten dute, txarto
janzten dira eta lotsagarriro egiten dute lo denek batera lasto batzuen gainean,
zikinean hain zuzen ere, etxeko guztiak ugazaba eta ugazabandrearekin batera.
Lurralde
honetatik irtetean, Jakue bidetik noski, bi ur-laster daude Sordeko Donibanetik
hurbil, hain zuzen ere bat eskuinetara doana eta bestea ezkerretara, bat gauer
'erreka' deitzen zaiona eta bestea flumen 'ibaia' [ Gave de Pau eta Gave de
Oloron ]. Biak ere ezin dira inola
ere txaluparik gabe zeharkatu eta biziki gaitzetsi behar dira hemengo
bateltzainak, ibai hauek estu-estuak izanik ere txanpon bana eskatu ohi baitute
haatik beste aldera eramaten duten gizon bakoitzeko, hala txiroa nola aberatsa
izanik, eta lau txanpon zamariengatik, are indarrez era lotsagarrian eskatuta.
Gainera hauen ontziska txiki-txikia izaten da, arbola bakar batez egina, zaldiak
ozta-ozta hartzen dituena. Horra sar zaitezenean kontu handiz ibili zeu, ez
zaitezen menturaz uretara eror, eta hobe izango duzu beraz zaldia zeure atzetik
eramatea, aho-uhaletik helduta, txalupatik kanpo, uretatik. Beraz ez sartu
txalupara beste askorekin batera, pisu handiegia hartzen badu laster izango da
hondoratzeko zorian eta. Gainera bateltzainek askotan, sarrera ordaina hartuta,
hain erromestalde handia sartzen dute, non irauli egiten baita txalupa eta
erromesak uretan ito. Horrekin maltzurki pozten dira bateltzainak, hildakoek
utzitakoaz jabetzen baitira.
Gero
Garaziko Mendietatik hurbil euskal lurrak
datoz, itsasertzean iparralderantz
Baionako hiriarekin. Mintzaira basatiko lurra da, oihantsu eta menditsua, ogi,
ardo nahiz bestelako janaririk gabekoa, sagarrak, sagardoa eta esnea ez bada.
Lur
honetan, Garaziko Mendietatik hurbilean hain zuzen ere, Ostabat izeneko herrian,
Donibane Garazin eta Donazaharren, biziki gaitzetsi behar diren bidesari-biltzaile
gaiztoak daude. Erromesen bidera ateratzen dira bi edo hiru astamakilarekin,
zuzengabeko zergak indarrez kenduz. Eta ibiltariren batek, eskatzen dizkioten
moduan eman nahi ez badizkie txanponak, astamakilez astintzen dute eta daukan
guztia kentzen diote, mehatxatuz eta barruko galtzetaraino arakatuz. Izugarriak
dira eurak eta izugarri, landugabe eta basatia bizi diren lurra; hauen
begitartearen eta euren mintzaira basatiaren izugarritasunak ikaratu egiten ditu
ikusten dituztenen bihotzak. Legez merkatarien zergak baino ezin har ditzaketen
arren, erromes eta bidazti ororengandik ere hartzen dituzte zuzengabe. Lege
onean zernahirengatik lau edo sei txanpon jaso behar dituztenean, zortzi edo
hamabi hartzen dituzte, bi halako hain zuzen.
Horregatik
eskatzen eta erregutzen dugu bidesari-biltzaile hauek, Aragoiko
Erregea eta hauengandik zergen dirua hartzen duten gainerako aberatsak
eta guzti hau onartzen duten gainerakoak, hots, Raimundo Zuberoakoa, Bibiano
Garamondarra, San Migeleko Bizkondea eta etorkizuneko hauen oinordetza osoak,
aipatu bateltzainekin batera eta Arnaldo Giniako eta etorkizuneko
oinordetzarekin, eta bateltzain horiengandik zuzengabe zergaren dirua
hartzen duten aipatu uretako jaunekin, orobat horiei jakinaren gainean aitortza
nahiz eukaristia eskaintzen dizkieten edota eliz otoitza egiten dieten edota
elizan onartzen dituzten apaizekin batera, gogotik eskumikatuak izan daitezela,
hala bakoitzaren lurretako gotzain-hirian, nola Santiagoko basilikan
erromesen aurrean, hoben-neke luze eta agerikoaren bidez damutu eta
neurriko zergak jar ez ditzaten bitartean. Eta anatemaren ezpatak jo dezala
maitasunez nahiz diru bila horiei hoben hau barkatu nahi diezaien edozein
elizburu. Jakin beharrekoa da bidesari-biltzaile horiek ez dutela
erromesengandik batere zergarik hartu behar, eta aipatu bateltzainek ez dutela
bidesari bezala obolo bat baino hartu behar lagun biko, aberatsak izanez gero
jakina, eta zaldiarengatik txanpon bakar bat, baina txiroengandik ezer ez. Eta
gainera itsasontzi handiak izan behar dituzte, zamariak eta gizonak zabal
sartzeko bestekoak.
Oraindik euskal lurretan, Santiago bidetik, mendi oso garai bat dago Portus Cisere [Port de Cize-Garaziko Mendatea] deitzen dena, edo Espainiako atea hantxe dagoelako edo mendi honetatik zehar garraiatzen direlako lurralde batetik bestera beharrezko gauzak [ Hemen deskribatzen den bidea Donibane garazitik hasi eta gaur Frantzia eta Espaiaren arteko muga dagoen Bentartea Lepora doa gailurrez gailur, Hostategi eta Leizar Atakatik egungo G.R. 65 oinezko bidea jarraituz, gero Ibaņetara jaisteko ]. Zortzi miliakoa da goranzko bidea eta beste zortzikoa beheranzkoa. Izan ere hainbestekoa da bere garaiera non zerua jotzen duela baitirudi, eta igotzen duenari zerua bere eskuarekin uki lezakeela iruditzen baitzaio. Honen gailurretik Britainiar Itsasoa eta Mendebaldekoa ikus daitezke eta hiru herrialderen mugak, hain zuzen ere Gaztela, Aragoi eta Frantziarenak [ Ez du Nafarroa aipatzen Aragoirekin bat egina zegoelako ]. Mendi honetako tontorrean Karlomagnoren Gurutzea deitu ohi den lekua dago, Karlomagnok, bere armadarekin batera Espainiarantz zihoala, bidea ireki zuelako aspaldi aizkora, pikotx, aitzur eta bestelako tresnen laguntzaz eta han lehenbizi Jaunaren gurutzearen seinalea egin eta gero, belaunikaturik Jainkoari eta Santiagori egin zielako otoitz Galiziara begira. Honegatik erromesek han belauniko jarri Santiagoren herrira begira eta ohiturari jarraituz otoitz egiten dute eta bakoitzak Jaunaren gurutzearen bandera bat sartzen du lurrean. Mila gurutzeraino aurki daitezke han eta horregatik Santiagoren lehen otoitz-leku gisa hartzen da hau. Kristautasuna Espainiako lurretan erabat zabaldu baino lehen mendi honetan nafar eta euskaldun dongeek [ gaiztoek ] Santiagorantz zihoazen erromesei lapurretan egin ez eze asto gainean bezala ibili ohi zitzaizkien gainean eta hil egiten zituzten.
Mendi
honen ondoan iparralderantz Valcarlos [Luzaide] deituriko harana dago, non
Karlosek berak hartu baitzuen ostatu bere armadarekin, bere borrokalariak
Orreagan hil zituztenean. Santiagorantz doazen erromes asko ere hemendik
igarotzen dira, mendia igo nahi ez dutenak.
Gero
mendi honetatik beheranzkoan ostatu-eritegia eta eliza daude, non Errolan heroi
boteretsuak bere ezpatarekin hiru kolpetan goitik behera erdibitu zuen harkaitza
baitago,
Ondoren
Orreaga dator, behinola Martsilio erregea, Errolan, Oliberos eta beste
borrokalari batzuk berrogei mila kristau eta mairuekin batera hil ziren gudaldi
handia gertatu zen lekua hain zuzen ere.
Haran
honen hurrengo, nafar lurraldea dator, ogi eta ardo, esne eta ganadutan aberatsa.
Nafarrek eta euskaldunek itxura eta izugarri berdinak dituzte, janariak
eta hizkuntzari dagokionean hain zuzen, baina begitartea zuriagoa dute
euskaldunek nafarrek baino.
Nafarrak
belaunetarainoko oihal beltz laburrekin janzten dira, eskoziarren erara, eta
abarkak deitzen dituzten oinetakoak erabiltzen dituzte, ondu
gabeko larru iletsuz eginak, oinetara lokarriz lotuak, oinazpiak soilik inguratu
eta gainerakoa agerian uzten dutenak. Ilezko gainjantzi beltz batzuk erabiltzen
dituzte ordea, luzeak, ukalondoetarainokoak, azpilduradunak longainen antzera, saias
deitzen dituztenak.
Zinez
itsusi janzten dira eta itsusi jan eta edaten dute. Nafar etxeko
guzti-guztiek, hala jopuak nola ugazabak, hala neskameak nola
ugazabandreak, jateko guztia lapiko bakarrean nahasita jan ohi dute, koilararekin barik bakoitzak bere eskuekin, eta edan edalontzi bakarretik edaten
dute. Jaten ikusiko bazenitu, jaten ari diren txakur edo txerritzat hartuko
zenituzke.
Berbetan
entzungo bazenitu, adausika ari diren txakurrekin oroituko zinateke, hizkuntza
erabat basatia baitute: Jainkoari Urcia deitzen diote, Jainkoaren Amari Andrea
Maria, ogiari ogui, ardoari ardum, haragiari
aragui, arrainari araign, etxeari
echea, etxeko jaunari iaona, etxeko
andreari andrea, elizari elicera,
apaizari belaterra esan nahi baita pulcra
terra lur ederra', gariari gari, urari uric, erregeari ereguia, Santiagori laona
domne lacue.
Herri
basatia da hau, beste herri guztietatik ezberdina ohituretan
eta izaeran, zeinahi gaiztakeriaz betea, kolorez beltza, itxuraz maltzurra,
gaiztoa, okerra, doilorra, hitzik gabekoa eta ustela, lizuna, mozkortia,
bortizkeria orotan iaioa, izugarri eta landugabea, makur eta zitala, fedegabe
eta errukigabea, anker eta kalapitaria, batere dohainik gabea, bizio eta
maltzurkeria guztietan ikasia, getarren [ Gaurko Errumania aldean-edo bizi zen
"Getae" herria, herri gaiztoaren eredutzat zutena) ] eta mairuen parekoa gaiztotasunean,
gure herri frantsesaren etsaia arlo guztietan. Txanpon bakar batengatik
hiltzen du frantsesa, ahal badu, nafarrak edo euskaldunak.
Hango
eskualde batzuetan, Bizkaian eta Araban hain zuzen, nafar gizonezkoek andrazkoei
eta andrazkoek gizonezkoei, lotsariak erakusten dizkiete elkarri, berotzen diren
bitartean. Gainera haragikeria lohian lotzen dira abereekin nafarrak; hesgailua
zintzilikatzen omen die nafarrak mando emeari eta behorrari gibelean, berak baino ez izateko hartarako bidea. Gainera
musu likitsak ematen dizkio andrearen eta mando emearen aluari. Horregatik
gaitzetsi egin behar ditu nafarrak heziketadun orok.
Gudazelaian
ordea kementsutzat jotzen dira, gazteluak erasotzeko nekaezintzat. Hamarrena
ordaintzen zintzoak omen dira, aldareetako opariak eskaintzen iraunkorrak,
nafarra elizara doan bakoitzean ogiaren, ardoaren, gariaren edo beste opagairen
baten eskaintza egiten baitio Jainkoari.
Noranahi
doala nafarra edo euskalduna, adarra eraman ohi du idunetik zintzilik ehiztariak
bezala eta azkonak deitzen dituen bi edo hiru jaurtigai eskuetan.
Etxera sartu edo irtetean miruak bezala egiten du txistu ahoarekin eta leku
ezkutuan edo bakartian lapurretan egiteko gordeta egon eta lagunei isilean deitu
nahi dienean hontzaren modura kantatzen du edo otsoaren erara egiten du ulu.
Eskoziar
jatorrikoak direla esan ohi da, hauen antzekoak baitira ohiturak eta tankerari
dagokienean, Julio Zesarrek hiru herri, hots,
nubiarrak, eskoziarrak eta buztandun kornuallestarrak bidali omen zituen
Hispaniara zergak ordaindu nahi ez zizkiotenez herri hispaniarrak menderatzera,
gizonezko denak ezpataz hil eta andrazkoak soilik uzteko bizirik aginduz.
Hauek lurralde hartara itsasoz iritsi zirenean, itsasontziak apurtu eta dena
suntsitu zuten suaz eta ezpataz, Bartzelonako hiritik Zaragozaraino eta
Baionatik Oca Mendietaraino. Ezin izan zituzten muga hauek zeharkatu,
Gaztelakoek elkarturik hauei aurre eginez euren mugetatik kanpora jaurti
baitzituzten.
Naiera,
Iruņea eta Baiona bitartean dauden itsasaldeko mendietara heldu ziren hauek
ihesean, itsasbazterrera hain zuzen, Bizkaia eta Arabako lurraldeetara. Hemen
bizitzen geratu eta gotorleku asko eraiki zituzten, gizonezko denak hil, hauen
emazteak indarrez harrapatu eurentzat eta hauengandik umeak sorrarazi zituzten,
zeintzuei nafarrak deitu baitiete gero atzetikoek eta horregatik non
uerus 'ez
benetakoa' bezala ulertzen da nauarrus
'nafarra',
esan nahi baita benetako ez den jatorritik edo garbia ez den etorkitik sortua.
Naddaver izeneko hiri batetik ere hartu zuten hasieran izena nafarrek; hiri
hau euren aurreneko eskualdean dago eta San Mateo apostolu ebanjelariak bihurtu
zuen Jainkoagana bere irakaspenez.
Iturriak: Harluxet; Gidor Bilbao Telletxea (Uztaro 10)