Agirre, Lope
Lope Agirre Oņatin jaio zen 1511ean eta Barquisimeto-n, Venezuela, hil 1561ean. Konkistatzaile eta abenturazale izan zen. Aitonen seme zen. Ameriketara joan (1536-37) eta La Plata hiriaren fundazioan parte hartu zuen. Peruko gerra zibiletan, Pizarroren aurka eta erregearen eta haren ordezkari Blasco Nuņez Vela erregeordearen alde eta borrokatu zen (1544). Pedro de Hinojosa korregidorearen hilketan parte hartzeagatik urtebete sartu zuten kartzelan. Chiquingako batailan zauritu eta herren geratu zen.
1560an, Pedro Ursua buru zela, El Dorado konkistatzeko espedizioan esku hartu zuen, bere alaba Elvirarekin batera. Espedizioak ez zuen emaitza onik lortu eta marinelen arteko egonezina areagotu zen, Agirre buru zutela matxinatu ziren. Agirrek Ursua hil eta espedizioaren agintea hartu zuen (1561); Fernando de Guzman jeneral izendatu zuen, baina benetako boterea Agirrek zeukan. Agirreren kontra zerbait esan edo egiten zuen oro hil egin zuen, baita Guzman bera ere. Espainiako Felipe II.aren aginduak ere ez zituen jada betetzen eta gerra deklaratu zion. Talde txiki bat osatu eta Peru konkistatzera abiatu zen, baina bortizkeria eta nekealdi ugari zela medio, bere osteek bertan behera utzi zuten espedizioa, eta alabarekin bakarrik geratu zen. "Doilorren lastaira" izan ez zedin, alaba hil egin zuen. Bere taldeko izandako bi lagunek hil eta laurdenkatu egin zuten. Artelan ugariren inspirazio izan da Lope Agirreren bizitza.
Iturria: Harluxet